Euskadiko Aire Kirol Federazioak antolatutako ekitaldiak 2025eko parapente denboraldiari amaiera eman dio, Oria ibaiaren aldameneko lurreratze gune berrian.
ORIO, 2025eko azaroaren 17a. – Hego haize bolada epelei agur esanez , Euskadiko parapente komunitateak 2025eko denboraldiko sari banaketa ospatu du azaroaren 16an, igandea, Orion. Leku berezia aukeratu da horretarako: Oria ibaiaren eta kirol portuaren ondoan kokatutako lurreratze eremu berria. Euskadiko Aire Kirol Federazioak antolatutako ekitaldi honek urte osoko hegaldiei aitortza egiten die.
XCONTEST lehiaketak parte-hartzaile bakoitzak urtean zehar egindako 6 hegaldi luzeenak saritzen ditu. Baldintza zehatzak ditu: 6 hegaldietatik 4 Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik aireratuak izan behar dira (probintzia bakoitzeko onena kontatuz), eta beste biak lau lurralde horietako edozeinetatik.
Sailkapen Orokorra: Iñiguezen urtea
Sailkapen orokorrean, Mattin Iñiguez izan da garaile nagusia. Iñiguezek 2025eko RED BULL X-ALPS lehiaketa gogorrean parte hartu du aurten , eta nabarmendu duenez, garaipena horretarako egindako entrenamendu gogorraren emaitza da, tartean, Aizkorri iparraldera egindako hegaldi “ikusgarri bezain gogoangarria”.
Podiuma honela osatu da:
- 1. postua: Mattin Iñiguez
- 2. postua: Iñigo Gabiria (bizkaitarra)
- 3. postua: Aner Etxezabal (azkoitiarra)
Lehen hiru sailkatuek estatistika ikusgarriak utzi dituzte: hiruren artean 700 ordutik gora pasa dituzte hegan 2025 honetan, horien erdiak Mattinek berak.
Ekitaldian, pilotu sarituek urteko anekdotak partekatu zituzten. Gabiriak “izurik ez, baina momentu izugarriak” bizi izan dituela aitortu zuen. Etxezabalek, bere aldetik, X-Alps proba Iñiguezekin prestatzen ari zela elurretan izandako aireratze konplikatuak eta Endoia-Ernio-Pagoeta ibilbidearen zailtasunak azaldu zituen.
Gainerako kategorietako irabazleak
Hauek izan dira Euskadiko Aire Kirol Federazioak saritutako beste kategoriak:
- Klubik onena: BAIZA kluba
- Tandem (biplaza): Ander Lasa (Nerea bikotekidearekin)
- Klub kategoria: Zigor Diaz
- Sport kategoria: Iñigo Gabiria
Sari banaketa antolatzaileek eskainitako mokadutxo batekin amaitu zen. Antolatzaileek eskerrik beroenak eman nahi izan zizkieten Orioko Udalari eta Orioko Turismo sailari, ekitaldia antolatzeko emandako laguntzagatik.
Emaitzen zerrenda osoak eta argazki gehiago labur.eus/xcontest25 loturan kontsulta daitezke

Argazkia: Marijo · Iñigo Gabiria